martes, 7 de octubre de 2014

Irakasleari elkarrizketa: Aintzane

Lana aurkeztu zidaten bezain laster, argi eta garbi ikusi nuen zein irakasleri egin nahi nion elkarrizketa. Hainbat urtetan nire irakasle izan zen Anari egin nion elkarrizketa, eta egia da zaila suertatu zitzaidala berarekin kontaktuan jartzea ikastetxez aldatu baitzen. Egun batzuetan telefonoz hitz egin ostean, azkenean ikastetxeko gela batean geratu ginen.

Hasieratik oso lagunartekoa izan zen, bera izatez oso lasaia baita eta horrek lagundu ninduen, joan baino lehen nahiko urduri bainenbilen. Unibertsitateaz eta hainbat kontuz hitz egin eta gero, benetako elkarrizketari ekin genion.  Galdera  askoren erantzunak gutxi gorabehera asmatuko nituelakoan nengoen eta nire harridurarako kasu batzuetan ez zen horrela izan.

Alde batetik, banekien hainbeste markatu nauen irakasle batek bokazioz aritzen zela eta betidanik nahi izan zuela irakaskuntzan aritu. Baita ikasleekiko kontaktua dela politena berarentzat, momentuan momentuko kontaktua zein urteak pasata ikasleekin hitz egitea, eta benetan uste dut, urteak pasata niri galdera berbera eginez gero, berdin erantzungo nukeela.

Bestalde, nahiko harritu ninduten erantzunak daude. Izan ere, ez nuen uste niretzat hain ondo azaltzen zuen eta bere irakasgaiak maitatzea lortu zuen irakasleak pentsatzea bere metodologia aldatuko zukeela ahal izan balu, adibidez, lan kooperatibo gehiago edo edukiak baino, gaitasunak ebaluatzea. Gero, galdetu nionean irakasle prestakuntzan zer ikasi beharko litzatekeen, esan zituen gauza guztietatik batek bereziki deitu zidan arreta: “emozioak lantzea, pertsonekin lanean gaudelako, bakoitzak atzean dituen arazoak kontuan hartuta lanari jarraitzen jakitea”.

Oso elkarrizketa emankorra gertatu zitzaidanez, ondorio pila bat atera ditzaket. Hala ere, nagusienekin geratuko naiz: lehenik, metodologia berriak ezarri behar direla eta orekaz landu; bigarren, lehentasuna beti ikaslea dela eta haren alde egin behar duela beti irakasleak eta hirugarren, hezkuntza munduan gauza asko aldatu behar direla eta horretarako beti jarraitu behar dugula prestakuntzan eta hezkuntzako pieza guztien komunikazioa bermatu behar dugula.

Azkenik, egun batzuk pasata buruan geratu zait erantzun bat benetan motibatu nauena irakasle aritzeko. Galdetu nion berarentzako zeintzuk ziren irakasle izatearen alde onak, eta betiko erantzunak espero nituen, soldata, oporrak etab. baina berak benetan erantzun polita eman zidan: “irakasle izatearen alde onak guztiak dira, gustukoa baldin badaukazu, guztiak. Nik alde onak baino ez ditut ikusten, alde txarrak administrazio kontuak baino ez dira, ikasleekin ez.”

Ikaragarri polita da, miresten duzun irakasleak, zuk miresten duzun adina liluraz hitz egitea bere lanbideaz.  Pizgarria da oso, etorkizuneko lana gogoekin hartzeko.

1 comentario:

  1. Guztiontzako mezu berdintsua, oharren batekin.
    Post hau ikusi dut.
    Oharra:
    Polita eta motibagarria azken esaldi hori!

    Egitekoa
    Ikasitako gauzen zerrenda egin behar duzu, zerrenda hori antolatu behar duzu sailkapen bat eginaz; hori egindakoan, berriro irakurri, agian zerbait gehiago ere bururatuko zaizu-eta.
    Hurrengo astean amaituko dugu horixe lantzen (beraz, ekarri behar duzue taldeko guztiok zuonak).

    Azalpena puntuka:
    Hiru pausu dira:
    1) Egin zerrenda bat ikasi dituzuen gauzekin;
    2) zerrenda horren sailkapena egin
    3) Sailik sail berriro irakurri, ea ideia gehiago badatozkizun.

    ResponderEliminar