domingo, 12 de octubre de 2014

Jolasten, ikasten

Gai hau aukeratu dugu gure ustez jolasa oso garrantzitsua delako umeen garapenerako. Izan ere, hezkuntzaren parte da ere jolasa, eta behar duen garrantzia eman nahi diogu. Umeek jolasen bidez hainbat gauza ikasten dituzte, adibidez, beste umeekin erlazionatu, psikomotrizitatea garatu, beste umeekin elkarbanatu, etab. Jolasa aukeratu dugu, baita ere, aisialdian umeekin egiten ditugun ekintzengatik (Aintzane bolondresa da saskibaloian umeak entrenatzen eta Josune eskaut talde batean arduradun bolondresa da). Jolas dinamikoen bidez saskibaloian jolasten ikasi edo eskultismoak transmititzen dituen baloreak ikasten.

Denok dakigu jolasten ikasten dela baina, ikertuz sakondu dugu gai honen inguruan genuen jakintza.  Interneten laguntzaz hasi ginen ikertzen, jolasen garrantziaren berri ematen duten  web orriak erabiliz. Batzuk pentsa dezakete jolasak denbora-pasa hutsak direla edo bakarrik ondo pasatzeko balio dutela, baina ez da horrela. Izan ere, etorkizuneko nagusien bizitzarako prestaketa da jolasa.


Hainbat gauza berri ikasi ditugu, eta ideia nagusienak eta interesgarrienak aipatuko ditugu:
·         Mugimenduaren premia duten jolasak ikaragarrizko garrantzia dute, hazteko prozesuan ezinbestekoak direlako, horrela garatzen baitituzte giharrak eta gorputz-adarrak. Era berean, bakoitzaren koordinazioa garatu ez ezik, besteekiko harremanak ere lantzen dira.
·         Sozializazioaren tresna ere bada,  umeak jolasetan nagusiek egiten dituzten ekintzak imitatzen baitituzte, etorkizunean beteko dituzten rolak ikasiz. Eta ez hori bakarrik, elkarbizitzako baloreak ere ikasten ditu umeak.
·         Berebiziko garrantzia ere badu jolasak, haren bidez, beste gauza askoren artean, umearen nortasuna garatzen laguntzen duelako.
·         Hainbat alor aberasten ditu jolasak: gaitasun fisikoa koordinazioa eta psikomotrizitatea garatzeko, garapen sentsorial eta mentala, gaitasun afektiboa(emozio berriak bizi, konfliktoak konpondu,eguneroko bizitzako arazoei aurre egin...), kreatibitatea eta imajinazioaren erabilera, lankidetza...
·         Adimena ere garatzen da: hitz egitea eta hizkuntzen barneratzea, trebetasun sozialak(esaterako, negoziatzea, lehiatzea, arauak jarraitzea, txandak errespetatzea...), adimen arrazionala(esaterako, konparatzea, sailkatzea, zenbatzea, memorizatzea...) etab.
·     Gainera, umeak bere burua ezagutu ez ezik, ingurunearen ezaguera ere lortzen du. Ingurunearekiko harremanetan jartzen dira, espazio eta denboraren ezaguera sustatzen da.



Honek guztiak lagunduko digu, lehen aipatutako ekintzetan. Guk prestatutako jolasak egin ostean garatu diren gaitasunak behatuko ditugu. Izan ere, praktikan jartzeko aukera izan dugu jadanik, eta ziur gaude etorkizunean jolasen garrantziaz ikasitakoa praktikan jarriko dugula. Bakoitzak bere esparruan landutako jolasa eta ondorioak azaltzera ekingo diogu:

  1. Eskaut taldean, konfiantza garatzeko jolasak maiz egiten ditugu. adibidez, "botila mozkortia", umeak borobil batean jartzen dira eta bat borobilaren barruan sartzen da, gorputza tentsioan jartzen eta alboetara bere gorputza erortzen uzten du. Borobilean dauden umeak saiatu behar dira barrukoa zutik mantentzen. Beste jolas bat "kremailera" da, horretan umeak lurrean etzanda jarri, haien buruekin kremailera bat osatzen, eta besoak gorantz jartzen, beste ume bat guztien gainetik pasatzen da, etzanda haien eskuetan. Ekintzarekin amaitzeko "amodioaren trena", ume guztiak eserita jarriko dira trainera bat bezala, baina borobil bat osatzen. Aurrekoari masaje bat egingo diote, eta beraiek baita ere masaje bat jasoko dute atzean daukaten kideak emanda. Jolas hauen bidez taldean elkartasuna eta gorputz-espresioa lantzen da, besteak beste.
  2. Saskibaloian badago askotan berotzeko egiten den jolas bat. Honetan datza: bi talde egiten dira eta 10 pase egin behar dira, baina baloia eskutan duena ezin da mugitu eta taldekide guztiek oihukatu behar dute zenbat pase daramatzaten. Kirolaren gaitasunak lantzen dira, baina beste batzuk landu dituztenaz ohartu naiz. Koordinazioa lantzen da nahitaez, zeren bakoitza beste taldeko baten aurrean jartzen da, baloia eskura ez dezan. Gainera, mugimendua lantzen dute alde batera eta bestera korrika eginez baloia pasa diezaieten. Espazioaren kontrolean ere trebatzen dira, leku mugatu batetik ezin direlako irten. Gaitasun fisikoez aparte, oso garrantzitsua den taldearen inportantzian edo lankidetzan oinarritzen diren baloreak eskuratzen dituzte, hau da, taldekideek beraien artean hitz eginez eta mugimenduak ondo koordinatuz helburu bat lortzen dute, kasu honetan irabaztea.
Konklusio gisa, umeekin gaudenean baliagarria da behatzea eta pentsatzea pixka batez, jolastean zer ari diren trebatzen eta aldrebes, balore zein gaitasun jakin bat erakutsi nahi badugu, ze nolako jolas mota erabili nahi dugun. Azken finean, jolasten ikasten delako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario